EUSKO IKASKUNTZAREN XVI. KONGRESUA:

GARAPEN IRAUNKORRA


Historiari begira, Eusko Ikaskuntzaren kongresuek zeresan handia izan dute, lotura kultural bateratua duten erkidegoen aurrerapen teknikoa eta humanistikoa eta ikerketa sustatzeko orduan. Lehenengo kongresua 1918. urtean egin zen, eta euskal gizarte modernoaren susperraldi zientifikoaren adierazgarri izan zen. 2001. urteko kongresuan, ordea, Euskal Herriko arteak, kulturak eta zientziak hirugarren milurteko koordenatu berrietan duten egoeraren berri eman zuten. Eusko Ikaskuntzaren hamabost kongresuek gure gizarteen orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa zorrotza, sakona eta emankorra egin dute.

Eusko Ikaskuntzak 2005eko azaroaren 29an eta 30ean eta abenduaren 31n egingo duen XVI. Kongresuan, guztiontzat oso garrantzitsua den gaia izango da hizpide nagusia, garapen iraunkorra, alegia.

Euskal Herriaren etorkizunari begira, garapen iraunkorra lehentasunezko faktorea dela argi eta garbi dagoenez, 2004ko udaberrian Eusko Ikaskuntzak hausnarketa prospektibo eta estrategikorako lehen fasea jarri zuen abian, eta 60tik gora adituk zein gizarte-eragilek parte hartu zuten bertan, faktore estrategiko nagusiak zehazteko. Era berean, erabaki politikoak eta ingurumen, energia, gizarte, kultura, teknologia eta ekonomia arloko jarduketarako erabakiak ere zehaztuko dituzte, garapen-eredu berria eraginkorragoa eta solidarioagoa izan dadin etorkizuneko belaunaldiekin.

2005eko otsailean hasitako II. fasean, sei lan-talde eratu ziren diziplina eta partaidetza anitzeko zeharkako ikuspegitik. XVI. Kongresua mugarria izango da hausnarketa luze horretan, eta, amaitutakoan, garapen iraunkorrerako zenbait jarduketa-proposamen zehaztuko dira 2020. urteari begira.

Zehaztasun zientifiko handikoa dela, apolitikoa dela eta Euskadiko, Nafarroako eta Euskal Herri kontinentaleko herri-administrazioekin harreman ona duela kontuan hartuta, Eusko Ikaskuntzak hiritarren eta erakundeen partaidetza eta inplikazio sozioekonomiko handiena lortu nahi du hain garrantzitsua den prozesu honetan. Proiektuak, gainera, biodibertsitatea eta demodibertsitatea kudeatu nahi ditu hobeto, hau da, gizateriaren mosaiko aberatsaren osagai diren herrien eta kulturen dibertsitatea errespetatu nahi du.

Kongresua hiru jardunalditan garatuko da. Lehenengo jardunaldian prozesuko bigarren fasearen ondorioak aurkeztuko dira eta nazioarteko adituen hitzaldiak zein ekintza zehatzak azalduko dira. Bigarren jardunaldiak "Hiriaren berrasmakuntza" izango du hizpide. Hiritarrek teknologiaren eta eragile ekonomiko zein kulturalen laguntzaz garatutako hiri iraunkorraren kon-tzeptu berrirako aukera izango dute aztergai. Hirugarren jardunaldian, herri-administrazioek eta zientziako zein teknologiako erakundeek garapen iraunkorrari buruz duten iritzia azalduko dute. Era berean, garatu beharreko ekintza zehatzak ere aztertuko dituzte, hitzaldien, komunikazioen eta eztabaiden bitartez. Aldi berean, jardunaldian zehar, Gazteen Foroa ere garatuko da, eta

Euskal Herriko zazpi unibertsitateetako gazteek eta ikasleek parte hartuko dute bertan. Amaitzeko, hiru jardunaldietako ondorioak aterako dituzte, eta Gazteen Biltzarreko ondorioak ere hartuko dituzte kontuan.

Zentzu horretan, aurrera doaz kongresua prestatzeko bilerak, eta Bilbao Metropolitarra Birbizteko Elkarteko zuzendaria Batzorde zientifikoan parte hartzen ari da. Horrez gain, "Herriko Plaza" izeneko eremu irekia egongo da kongresuan. Bertan, Bilbao Metropoli-30 Elkarteak parte hartuko du, eta garapen iraunkorraren arloan lan egiten duten beste erakunde eta ekimen batzuek erakusketak, erakustokiak eta proiektu berritzaileak jarriko dituzte ikusgai.

Informazio gehiago Eusko Ikaskuntzaren webgunean


*BILBAO METROPOLITARRA