BILBOKO 2008KO URTEKARI SOZIOEKONOMIKOA


Bilboko Urtekari Sozioekonomikoa aurkeztu da, Bilboko eta bere metropolialdeko 2008ko jarduera sozioekonomikoari buruzko datuak eta informazioa jasotzen dituen ikerketa. Lan Ekintza-Bilbaoren Behatoki Sozioekonomikoa izan da, Bilbao Metropoli-30 elkartearekin batera eta berrehun iturri desberdin baino gehiago erabiliz, lan hori egiteko arduraduna. Aurtengo 2009ko ekitaldiko datuen araberako eguneraketa ere sartzen da.

Urtekariaren informazioan ikusten denez, beherakada ekonomiko handia izan da 2008an, eta oraindik gehiago areagotu da 2009an. Bizkaiko urtealdia kontuan hartuta, ondo bereizitako bi zati aipatu behar dira. Lehenengo zatian % 2,6ko hazkundea izan zuen BPGd-ak, baina laugarren hiruhilekoan % 0,7raino jaitsi zen hazkunde hori. Atzeraldia lehenago eman zen eta handiagoa izan zen eraikuntzaren sektorean, baina gero beste guztietara zabaldu zen.

Bilbon % 11,5eko langabetuen kopuruarekin itxi zen urtea, eta Gizarte Segurantzako % 1,9 afiliazio gutxiagorekin. 2009an, eta nahiz eta enpleguak suntsitzeko joera hori pixka bat moteldu egin den azken hilabeteotan, gora egiten jarraitzen du langabezia-tasak, eta % 13,8ra iritsita zegoen hirugarren hiruhilekoa ixterakoan.

"Urtekari Sozioekonomikoak ematen dituen datuen pisuak abalatu eta frogatzen du komeni dela prospekzio eta planifikazioko lanak egitea epe ertain eta luzera begira, horien bidez bakarrik izango baitugu gure sare ekonomiko-enpresarial eta sozialari gaur egungo kinka larritik ateratzen laguntzeko behar diren esku-hartzeko estrategia egoki eta baliagarriak planteatzeko aukera”, esan du Jon Sustatxak, Lan Ekintzako Lehendakari eta Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko Zinegotzi Delegatuak.

Urtekari Sozioekonomiko horren daturik aipagarrienen artean zera azaltzen da: etxebizitzak azken urte hauetan, bai EAEn eta bai Bilbon, izan duen gorakako joera konstantearen moteltzea.

2008a % 5,7ko beherakadarekin bukatu zen Euskal Autonomia Erkidegoan, eta hala, adibidez, etxebizitzaren batez besteko prezioa 3.129 €/m2-tan geratu zen Bilbon. Zifra hori Estatuko batez bestekoaren (2.712 €/m2) zertxobait gainetik geratzen da, baina EAEkoaren (3.183 €/m2) azpitik aldi berean. 2009ko ekaineko datuen arabera, etxebizitzaren batez besteko prezioa 3.041 €/m2-koa zen Bilbon, 2.589 €/m2-koa Estatuan, eta 3.096 €/m2-koa EAE osoan.

Bizkaiko hiriburuaren biztanleria 242 biztanlerekin hazi zen 2008an, eta, guztira, 354.180ko zentsura iritsi zen azkenean. Bilbon kontzentratu zen Bilboko metropoliaren biztanleria guztiaren % 39a, eta Bizkaikoaren % 31. Zifra horrek % 0,1eko hazkundea ematen du 2007arekiko. 2009an hazten jarraitzen du hiriko biztanleriak, 1.551 pertsona gehiago baititu orain, eta 355.731 biztanle zentsatu, guztira. Bi urtetako saldo begetatiboa negatiboa da, jaiotze-tasa txikiaren eraginez.

Informazioaren teknologia berriak

Informazioaren teknologia berriak erabiltzeari dagokionez, Bizkaiko etxeetako % 56,8an bazuten ordenagailuren bat 2008an, % 48,7ak Interneteko sarbidea zuen eta % 45,3ak, posta elektronikoa. 2007ari dagokionez, Interneteko sarbideak izan du hazkunderik handiena, 5 puntukoa ia. Interneteko erabiltzaileen kopuruak bere gorakako erritmoari eutsi dio 2009ko lehen hiruhilekoan (% 3,1ekoa).

Bilboko establezimendu erregistratuen kopurua 39.101era igo zen joan den urtean, 2007an baino % 4,2 gehiago, eta hazkunde horrekin, azken urteotako joera positiboari jarraitu zion. 2009an, ordea, joera hori aldatu egin da eta, Jarduera Ekonomikoen Zergako hirugarren hiruhilekoko datuen arabera, -% 0,86ko beherakada txiki bat egon da jarduera-lizentzien kopuruan.

Jarduera-sektoreka hartuta, zerbitzuetan (banku, aseguru eta enpresentzako zerbitzuetan) lan egiten zutenena izan zen 2008an ugariena, 11.458 establezimendu eta 50.301 lanpostu baitzituen guztira. 2009an joera-aldaketaren eragina gehien nozitu dutenen artean eraikuntzakoa, metalen eraldakuntzako industria eta manufaktura-industriena, txikizkako merkataritza eta ostalaritzakoa aipatu behar dira.

Familia-errenta

Biztanleriaren egoera ekonomikoa kontuan hartzen bada, esan behar da Bilboko familia bakoitzaren batez besteko errenta 32.463 eurokoa dela, Erkidegokoa, probintziakoa eta eskualdekoa baino handiagoa. Bizkaiko beste udalerri batzuetakoaren, hala nola Getxo, Lezama edo Loiukoaren atzetik geratzen da.

Urtekariko datuen arabera, Euskadiko 39.737 etxe aurkitzen ziren 2008an pobretasunarriskuko egoeran sartuta. 100.250 pertsona (biztanleria guztiaren % 4,7) harrapatu zituen egoera horrek, hau da, EAEko etxe guztien % 5. Gehienak arrisku-taldeetakoak ziren: guraso bakarreko familiak, okupazio egonkorrik gabeko pertsona bakarrak eta EBtik kanpoko pertsona inmigranteak, beste batzuen artean.

Aipatzekoa da pobretasunak Bilbon duen eragina eta diferentzia, bera baita Euskadiko eremurik afektatuena, eta gainerako euskal eskualdeetatik oso urrun geratzen den postu kualitatiboan kokatzen da gainera (biztanleria osoaren % 9,4). 2008an Bilboko Udalak 90 milioi euro baino gehiago (90.274.248 €) eman zituen Gizarte Larrialdiko Laguntza, Udal Laguntza berezi eta Oinarrizko Errentetarako.

Hezkuntza

Hezkuntza eta Irakaskuntzaren arlora etorrita, 2008an Bilbon jaitsi egin zen unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikasleen kopurua (53.499 ikasle, % 1 gutxiago), eta baita, Bizkaian, unibertsitateko irakaskuntzako ikasleena ere (33.926 ikasle, % 2,8 gutxiago).

2008an, 604.318 bisitari izan zituen Bilbok, guztira. Zifra horretan % 3ko beherakada txiki bat sumatzen da 2007koaren ondoan, eta hautsi egin zen 2001ean hasita zegoen gorakako ibilbide hura. Bilbon bildu zen Euskadi osoan erregistratutako 2.020.446 sarreren % 30 ia, eta horrek, noski, Bilbo sendotzen du EAEko hiriburu turistikoaren postuan.

Bilboko Udalak 2008an izandako jarduera kulturala gauzatzeko 3.167 ekitaldi egin ziren, eta horietan 591.004 hiritar bildu ziren guztira. Guggenheim Museoak 951.369 bisitari izan zituen, eta baliabide propioen % 65a sortzea lortu zuen. Arte Ederren Museoak 100 urte bete zituen, eta 223.197 bisitari hartu zituen, 2007an baino % 35 gehiago.

Kirolen praktikari dagokionez, guztira 69.601 erabiltzaile pasatu ziren Bilbao Kirolak-eko udal instalazio deportiboetatik; 12.669 inskripzio egin ziren bertako 49 kirolmodalitateetan.

Bilboko 2008ko Urtekari Sozioekonomikoa (PDF, 10 Megabyte)


*BILBAO METROPOLITARRA