LAN EKINTZA-BILBAO ETA BILBAO METROPOLI-30 ELKARTEAK BEHATOKI METROPOLITARRA JARRI DUTE MARTXAN
Bilboko Udalak, Lan Ekintza-Bilbao Udal Sozietatearen bitartez, eta Bilbao Metrópoli 30ekin elkarlanean, Bilboren eta bere inguruaren gizarte eta ekonomia alderdiak aztertuko dituen Behatoki Metropolitarra sortu du. Behatoki Metropolitar berria informazioa eta erreferentziak emango dituen tresna izango da, eta Bilbo Metropolitarraren jarduera ekonomikoaren eta errealitate sozialaren bilakaera erakutsiko digu.
Azterketa eta analisi gune horren lanaren lehen emaitza Bilboren Urtekari Sozio-ekonomikoa 2004aren argitalpena izan da. Hau da Bilbok horren bilduma zabal, zehatz eta desglosatua duen lehen aldia. Lan hori burutu ahal izateko, Hiribilduaren eta bertako biztanleen bizitzari buruzko mota guztietako datuak lortzeko aukera eman duten ehun iturri baino gehiago erabili izan dira. Emaitzek baieztatu egiten dute Bilboren ekonomiak bizi duen egoera ona eta hurrengo urteetarako dagoen hazkunde ekonomiko panorama optimista.
Urtekariari hasiera emateko, testuinguru ekonomiko orokorra aurkezten da, eta horretarako nazioarteko, estatuko, Euskadiko eta Bizkaiko ekonomia aztertzen dira, gainetik bada ere. Puntu horri dagokionez, azpimarratzekoa da euskal ekonomiak (BPG %3 igo da) eta Bizkaiko ekonomiak (%2,7 igo da) izan duten hobekuntza eta azkartze arina
Eszenatoki horretan oinarrituta, azterketak Bilboren errealitate sozio-ekonomikoa egituratzen duten sailetan sakontzen du. Lurraldea (Bilboren hiri egitura, bere 8 barrutiak eta berrogei auzoak), klimatologia (urteko batez besteko tenperatura 15º-koa da, eta urtean 190 egunetan euria egiten du, batez beste) eta ingurumena (erakusten du Bilbok energia eta ur kontsumo egokia duela, airearen kalitatea ere ona dela, eta hondakinen birziklapena, onargarria) deskribatzen ditu.
Oinarrizko azpiegiturak desglosatzen ditu, eta hainbat adierazle erabiltzen ditu, ur kontsumoa (2004an 1.200 litro kontsumitu ziren segundo bakoitzean, hiriko argiztapena (2004an 27.000.000 kilowat kontsumitu ziren orduan), energia eta telefonia, beste batzuen artean; eta baita garraioen eta komunikazioen (aireportua, portua, tren sistema, errepide sarea, aparkalekuak eta higikortasun jasangarria: oinezkoak eta bizikletak) jarduera ere. Hainbat datu ematen dira, besteak beste, barruko garraiobideak erabiltzeko orduan, ibilgailu pribatuan egindako bidaiak murriztu egiten direla, garraio publikoaren alde.
Eraikinen eta etxebizitzen atalean, eraikinen ezaugarriak eta lehen eta bigarren etxebizitzen tipologia aztertzen dira, barrutien arabera, edukitze motaren arabera, ekipamenduaren eta Bilbon etxebizitzari ematen zaion erabileraren arabera (etxe berria, erabilia, alokatua eta babestua). Bilboko biztanleen %3 baino ez da bizi gurasoengandik edo herentzian jasotako etxebizitzan; %9 alokatutako etxebizitzan bizi da; %23 bere etxean, oraindik guztiz ordaindu gabe badu ere, eta %62 jada ordainduta duen etxebizitzan.
Bilboko biztanleriaren analisiak haren egitura eta bilakaera erakusten digu (2004an aldatu egin da duela 30 urtetik nagusi den hazkunde negatiborako joera) adin eta sexu taldeak, azken urteetan hauteman diren migrazio mugimenduak eta Bilboko familien tipologia kontuan izanik. Horrez gain, biztanleriaren egoera ekonomikoa zehazten da (familiaren errenta eta errenta pertsonala, per capita BPG, etxetako gastua, hiritarrek jasotzen duten gizarte babesa, pentsioak eta egoera txarrenean dagoen biztanleriari arreta eskaintzen dioten gizarte zerbitzuak).
Hezkuntzari dagokion atalean, udalerriko ikasketa maila, irakaskuntza motak, euskararen garapen maila eta prestakuntza ziklo desberdinetako kideen lan munduan sartzea, beste adierazle askoren artean.
Horrez gain, urtekariak Bilboren kultur eskaintza eta kirol azpiegiturak biltzen ditu. Zine aretoek hartzen dute kultur eta kirol ekipamenduaren %27a; horien ondoren kulturetxeak eta liburutegiak datoz (%15), erakusketa aretoak (%9), pilotalekuak (%8), museoak (%7), kiroldegiak (%6), antzokiak (%5), futbol zelaiak (%3) eta artxibategiak (%1).
Bilboko lan merkatuaren balantzea azken urteetan oso positiboa izan da. Baieztapen hori emateko, lan indarraren egituraren deskribapen zehatza ematen da: generoa eta adina, jarduera tasak, enplegua eta langabezia barrutien arabera, kontratazioak (kontratatuen perfila, kontratuen iraupenak eta gehien ematen diren eskaintzak zehaztuz) eta Bilboko lan merkatuan etorkinek betetzen duten lekuaren isla (7.739 etorkin aritu izan ziren lanean 2003an). Aldi berean, soldata jasotzen duten pertsonen lan baldintzak islatzen ditu: hitzarmenak, lanaren kostuak eta laneko istripu tasaren bilakaera.
Argitalpen osoak erakusten duen xehetasun lineari jarraituz, azterlanak Hiribilduaren jarduera ekonomikoan sakontzen du, eta zehatz-mehatz erakusten du enpresa sare osoa, haren bilakaera, gizarte ekonomiako enpresak, sorkuntza tasak, pertsonen jarduera ekintzailea, etab. Halaber, merkataritzaren jarduera ere biltzen du, eta barrutiz-barruti eta jardueraz-jarduera bereizten du (jarduera guztien %30 Abandon dago), garapenari, azalerari eta sortzen duen enpleguari buruzko datuak emanez.
Kongresu eta turismo jarduera ere aztertzen du, bai eta hiri osoan duen eragina ere, udalerria bizitzen ari den aurrerapenean islaturik: Euskalduna Jauregia eta Bilbao Exhibition Center. 2004a Bilboko historiako turismo urterik hoberena izan zen, Euskadiko gainerako hiriburuak gainditu zituen eta azken urteetan bizitzen ari zen eboluzio positiboa hobetu egin zuen. Euskadin gaua igarotzen duten pertsonen (3.289.658) ia erdiak Bizkaian igarotzen du (1.392.439), eta horietatik gehienak, Bilbon (964.673).
Azkenik, urtekariak informazioaren teknologiek dendatan eta enpresa txiki eta ertainetan (horietako %46k badu web gunea) eta etxeetan (%49tan badago ordenagailua) duten eragina aztertzen du. Halaber, Bizkaiko ikerketa eta garapen adierazle nagusiak aipatzen ditu (I+Dn inbertitzen da BPG-aren %1,43) bai eta Euskadiko Autonomia Erkidegokoak ere, eta teknologia parkeak eta zentroak azpimarratzen ditu.
Bilboko Urtekari Sozioekonomikoa 2004 (PDF formatua, 1.47 Megabyte)
|