"BILBAO AS A GLOBAL CITY", 2010erako ERRONKA ESTRATEGIKO BERRIA


  • "Hausnarketa estrategikoan esan genuen Bilbon ametsak errealitate bihurtzen direla. Orain hauxe galdetzen dugu: zelan?"
  • Metropoliko bizitza urbanoko esparru guztietako 300 aditu baino gehiagok parte hartu zuten Estrategia honetan. Guggenheim Museoan aurkeztu zen, Juan José Ibarretxe lehendakaria buru izan zuen ekitaldi batean.
"Bilbao Metropoli-30 Elkarteak uste du Bilbok eta bere inguru metropolitarrak indarrak batu behar dituztela lortutako joeraren aldaketa estrategikoa sendotu eta errentagarri bihurtzeko, eta, era berean, Ezagutzaren Gizarte berrian, metropolia mundu mailako nazioarteko hiri bezala proiektatu behar dutela", esan zuen Bilbao Metropoli-30 Elkarteko presidente José Antonio Garridok, Juan José Ibarretxe lehendakaria buru zela 2005eko apirilaren 4an Guggenheim Museoan egin zen "Bilbao 2010. Estrategia" agiriaren aurkezpenaren aurreko prentsaurrekoan.

Agiria Elkarte honek egin zuen, 300 aditu baino gehiagoren lankidetzarekin. Horietatik, gehienak Bilbao Metropolitarreko bizitzaren esparru guztiak hartzen dituzten eta Bilbao Metropoli-30 Elkartean bazkidetutako erakunde eta enpresetako ordezkariak ziren. Ingelesezko izenburuak hiri global bezala hartzen du Bilbo: "Bilbao as a Global City".

"Hausnarketa estrategikoan esan genuen Bilbon ametsak errealitate bihurtzen direla. Orain hauxe galdetzen dugu: zelan?", hori da agiria aurkezten duen esaldia eta, Bilbao Metropoli-30 Elkarteko ordezkariek esan zuten moduan, 1999tik egiten ari den hausnarketa prozesua sinbolizatzen duena. "Denbora honetan guztian", esan zuen José Antonio Garridok, "arrakastarako ereduak eta etorkizuneko hiriak aztertu dira, orain Estrategian proposatzen diren proiektu berrien erreferentzia egiteko. Proiektu horiek guztiak helburu estrategiko bera dute: guztiz berritzaileak diren enpresa ekimenak egia bihurtzea ahalbidetuko duen ezagutzarako testuinguru aurreratua garatzea".

Gauzak horrela, agirian azpimarratuta geratzen da joandako hamarkadan biziberritzeko Planaren helburu nagusia izan ziren eta jada amaituta edo guztiz definituta dauden azpiegitura estrategikoek une honetako Europako hiri moderno eta abangoardistenen artean jartzen dutela Bilbo. "Estrategiarekin", azaldu zuen Bilbao Metropoli-30 Elkartearen presidenteak, "1990ean hasitako biziberritzeko zikloaren beste etapa bati ekin zaio. Arrakastaz gainditu ostean, atzean geratu zen hasierako etapa, zeini esker, 1995ean, metroa eraiki baitzen eta, 1997an, Guggenheim. Datozen urteetan, ekintza estrategikoen errentagarritasunak hiri global legez definitutako Bilbao Metropolitarrera eraman beharko gaitu".

Oinarrizko hiru elementu

Estrategia 2010 deritzona oinarrizko hiru elementutan dago oinarrituta: metropoliko pertsonak, jarduerak eta erakargarritasuna. Eta horien gunean, euskarri eta erreferentzia estrategiko legez, berrikuntza eta ezagutza daude.

  • Pertsonak: ezagutza euren esku dago, eta Plana pertsonek eta pertsonentzat eginda dago. Balio erantsi handiko enpresa ekimenak egia bihurtzeko, Bilbao Metropolitarraren garapen prozesuan liderrek duten zeresana bultzatu egin behar da, eta, gainera, profesionalak trebatu, mantendu eta erakartzeko mekanismoak izan behar dira.
  • Hiriko Jarduera: balio erantsi handiko enpresa jarduerak sistema metropolitarraren motorra dira. Jarduera horiek sustatzeko, inguru egokia prestatu behar da, zeinetan posible izango den Interneteko berehalako sarbidea, ekimen berritzaileak babesteko politikak eta azpiegitura inteligenteak sortzea (sistema informatikoak, laborategietarako ekipamenduak, ikerketa esparruak, eta abar).
  • Hiriaren Erakargarritasuna: Bilbao Metropoli-30 Elkarteak hiria bizitzeko espazio gisa hartzen du, norbait bizi den eta bizitzeko modukoa den leku gisa, zeinetan gizakiak, maila pertsonal zein sozialean, modu harmoniko eta solidarioan garatzeko giroa topatuko duen.


Proiektu estrategikoak

José Antonio Garridoren ustez, "Bilboren apustua da balioa sortzen duten mundu globaleko udalerri horietako bat izatea. Ideiak dituzten pertsonentzat erakargarria izango den hiria. Proiektu berritzaileekin konprometituta dagoen hiria. Hamar urte hauetan, Bilbo birmoldaketatik berrikuntzara pasatu da. Hurrengo hamar urteotan, mundu Globalean izango dugun zeresana dago jokoan. Hausnarketa Estrategikoak sormenaren espiritua izan zuen. Estrategiak berarekin dakar pausorik nekezena: ekintzara pasatzea. Gaur, estrategia giltzarria da, eta errealitatearen grinarik gabeko gaitasunetik sortzen da, aukerak identifikatzetik eta aukera arduratsuak borondate politikoarekin hartzetik".

Ildo horretan, agiri honek zenbait proiektu estrategiko zehazten ditu, eta, horiei esker, Bilbao Metropolitarrean Plana martxan jarri ahal izango litzateke, honako sailkapenarekin: lehenengo mailako proiektuak, proiektu osagarriak eta balio jakinen sustapena. Bilbao Metropoli-30 Elkarteak dioen moduan, "Hausnarketa estrategikoan esan genuen Bilbon ametsak errealitate bihurtzen direla. Orain hauxe galdetzen dugu: zelan?".

Lehenengo mailako proiektuen artean (abian jartzeko aurrekontu handiak behar zituzten), lau dira nabarmenenak: "berrikuntza eta ezagutzarako hiria" sortzea (horretarako, Zorrotzaurre jotzen da lekurik egokienetakotzat), Nazioarteko Erakusketa bat egitea Bilboren nazioarteko proiekzio eta ekimen publiko eta pribatu ugariren eragile gisa; Bilboko Zazpi Kaleen birsorkuntza urbanistikoa, herritarren arteko topagune gisa sendotzeko (aisialdian, merkataritzan eta kulturan oinarrituta), eta Itsasadarra eta bere bazterrak garbitu eta berreskuratzea, gizarte ireki eta kultura ugarikoa izango denaren ardatz bihurtzeko; izan ere, Itsasadarra Bilboren xarma nagusietako bat da, bai eta Bilboren eragin gune osoaren dinamismo sozioekonomikoaren sinboloa ere.

"Proiektu eragile" horiekin batera, lehenengo mailakotzat hartzen da, baita ere, jarduera berritzaileak sustatzeko gune bat sortzea, Bilbao ekimen berritzaileak planteatu eta eztabaidatzeko leku bihurtzea eta "lifelong learning" eta ezagutza aurreratura sartzea.

Proiektu osagarri legez, kostu txikiagoarekin baina eragin handiarekin, nazioarteko enpresa kudeaketarako programa aurreratua ezartzeko asmoa agertu da, eta, gainera, planifikazio metropolitarrerako sistema koordinatua lortzea, zerbitzu publikoen kalitatearekiko konpromisoa hartzea, apaingarriak eta hiriko altzariak zaintzea, hiria garbitu eta mantentzea, metropolialdeko berdeguneak parke eta aisialdirako gune gisa integratzea, herritarren segurtasuna bermatzea, ingelesaren ezagutza zabaltzea komunikazioa errazteko eta Bilboren irudi korporatiboa garatu eta hedatzea.

Azkenik, balio erantsi handiko enpresa ekimenetarako inguru egokia garatzeko helburu estrategikoa lortzeko sustatu behar diren baloreak aurkezten dira. Horien artean, deskribatutako proiektuei laguntza emateko, honakoak daude: kultura profesional legez, gauza normalak ondo egitea; desberdintasunarekiko errespetua elkarbizitzaren kalitatea hobetzeko eta gizarteko kide guztien integrazioa bermatzeko, obligazioak hartzeari buruzko herritarren kontzientzia eta bisitariei harrera ona egitea, Bilbao hiri ireki, adiskidetsu eta abegikor bihurtzeko.

Agirian jasota dagoenez, "proposatutako proiektuak eta ekintzak ezartzean, Bilboko metropolialdea ekonomikoki dinamikoak diren hirien buruan geratuko da: lurralde orekatua izango du, gizartearekin solidarioa izango da, kulturalki aurreratua eta sortzailea, ingurugiroa zainduko du eta, gainera, Bilbao erreferentziako gunea izango da balio erantsi handiko enpresa jardueretarako".

HIRIAREN GARAPENERAKO BALOREEN MUNDUKO FOROA

Hiriaren xarma edo City Appeal delakoa sustatzeko, Bilbao Metropoli-30 Elkarteak ekitaldien egutegia zehaztu du. Horien artean, Bilbon 2006an egingo den Hiriaren Garapenerako Baloreen Munduko Foroa izenekoa dago, zeinen helburua baita Bilbao Metropolitarraren garapenerako balore estrategikoak ikusgarri bihurtzea. Bestetik, 2008an, Hirien Garapenerako Europako Institutua egingo da, edo, 2005-2009 urteen artean, 150 lider trebatuko dira, Elkartearen zeregina (hau da, liderrak identifikatu eta erakartzea) betetzeko helburuan urrats bat gehiago emateko. Horretarako, Elkarteak "Benetako zuzendari-enpresaburu izan nahi dutenentzako programa" antolatzen du, zenbait gai jorratuz: enpresako proiektua, gobernua eta zuzendaritza, jabetza eta aberastasuna sortzea, lidergo partekatua eta hausnarketa estrategikoa.

Beste behin ere, Bilbao Metropoli-30 Elkarteak bere epe luzerako ikuspegia ematen du, eta hurrengo urteetako horizontean agertzen da ikuspegi hori, eta Pertsonak, Jarduera Ekonomikoa eta Hiriaren Xarma triangelua optimizatzeko helburura eramango gaituen biziberritzeko azken prozesuaren parte handi bat osatzen duten ekitaldi multzo bat egingo da.

BIDEOAK

DOKUMENTAZIOA


*BILBAO METROPOLITARRA